Proiektua

Zibersegurtasunaren Hiztegiak 252 termino biltzen ditu, zibermehatxuei eta zibererasoei, segurtasun-neurriei, teknologiei eta osagaiei nahiz kriptografiari lotutakoak. Gizarte digitalean zibersegurtasunaren erronkak ulertu eta haiei aurre egiteko funtsezkoak diren kontzeptuak dira guztiak.

Fitxa terminologiko bakoitzak euskarazko terminoak eta sinonimoak jasotzen ditu, haien gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak, eta euskarazko definizioa, terminologia espezializatuaren erabilera zehatza eta koherentea sustatzeko.

Lan hau ZIUR, Tknika, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta UZEIko adituen arteko lankidetzaren emaitza da. Horien guztien ezagutza eta esperientzia uztartuz, profesionalentzat, erakundeentzat, irakasleentzat, ikasleentzat eta arlo honetan interesa duen ororentzat erreferentziazko baliabide terminologikoa osatu da.

Terminoen hautaketan, bereziki, zibersegurtasunaren berezko kontzeptuei eta arlo horretan eragin handiena duten teknologiei eman zaie lehentasuna. Eguneratzen joateko bokazioa duen lan irekia denez, terminologia honek euskarazko hiztegi espezializatuaren normalizazioan eta zabalkundean lagundu nahi du, profesionalen arteko komunikazioa erraztu eta zibersegurtasunaren oinarrizko kontzeptuak herritarrengana hurbildu.